Sortaldekoak. Poesiaren Expansioa.
Duela bi urte argitaratu zuen Hedoi Etxartek «Sortaldekoak» hirugarren poema liburua Susa argitaletxean. Paraleloki lan transdisziplinarra garatu zuen Xabi Erkizia artistarekin soinu paisaiak grabatzen, Ion Celestino edo Amaia Espinosarekin abestiak konposatzen edo Arrigurirekin ikusentzunezko piezak osatzen. Guzti horrek liburua zabaldu eta osotu du, eta emaitza Arriaga Antzokian ikusi ahalko da, azkenik. Etxarterekin pare solasalditxoa eduki dugu, poesia (eta datorrena) ospatzeko.
2021ean argitaratu zenuen «Sortaldekoak» poema liburua eta oraindik 2024ean aurkezpenetan jarraitzen duzu. Hori zen intentzioa hasieratik? Liburua hor ez bukatzea? Hasieran ez zen intentziorik. Poema liburua osatu bitartean Xabi Erkiziarekin egun bat pasa nuen Iruñerrian barna bere mikroekin: hilerrian, Argaren ibaiertzean, Orkoiengo gasolindegian, Donibaneko gure etxean. Poemak irakurtzeak. Aldi berean bi abesti osatu nituen, besteak beste, Ion Celestino, Moisés Berdonces eta Amaia Espinosarekin. Hiru ikusentzunezko egin genituen. 2022an Bilbon eta Iruñean, Broken Brothers Brass Bandekin eta Erkiziarekin errezitaldia osatu genuen. Gerora, berriz Iruñean eta Tuteran egin genuen. Horrek geroko bestelako aurkezpenak ere baldintzatu ditu, irakurtzen irakatsi didalako. Egon naiz Lekunberriko Printza gaztetxean ala Arrasateko Iratin.
Bestetik, liburua nahiko testamentala da. 2021eko testamentu bat da, beraz irakur daiteke noiznahi, bai.
Badago poesia bere ortodoxiatik ateratzeko grin bat? Zer paper jokatzen du (edota beharko luke) egun poesiak? Poesia literaturako genero zaharrenetakoa da. Eta ez du behar, nobelak edo ipuingintzak bezala, industria bat, ez da kapitalismoarekin hasten. Badira poeta prostitutak XII. mendeko Txinan edo emakume poetak VII. mendeko Vietnamen. Ez da inprentarik behar poemak ekoizteko. Abestiak ere poema gisa irakur daitezke.
Beraz, esango nuke poesiaren aukerak erabiltzen ditugula.
Zelan sortu ziren konexioak materialaren eta kolaboratu duten artisten artean? Zurea izan da erabakia, haiei utzi diezu, argi zeneukan… Erkiziaren entzunezko piezak, Celestino, Berdonces eta Espinasarekin egindako abestiak eta BBBBen klasikoren batekin dago osatua ikuskizuna.
Ibilbide edo bira horrek zer eman dio liburuari edo zure poesiari? Zer elkareragin egon da? Zabaldu du hartzaileen harrera, bai, uste dut ere zerikusia duela poemetako tonuarekin eta gaiekin.
Zelakoa da Arriaga bezalako ikuskizun bati aurre egitea? Zer espero duzu? Inoiz imajinatu ez ditudanak ekarri ditu liburu honek, amets bat izan da, egia esan. Edizio lanetatik gaur egunera, esaterako, duela urtebete katalanez argitara eman zela. Beraz, datorrena ospatuko dugu. Mikel Izarraren testua. Zoe Martikorenaren argazkia.
Hedoi Etxartek ‘Sortaldekoak’ aurkeztuko du otsailak 7an 19:30ean Arriaga Antzokian.