Ghero. Euskara 3000 urtean.
Jokin Oregi zuzendariak ‘Ghero’ antzezlanaren zertzeladak eman dizkigu elkarrizketa honetan. Denboraldi honetako arrakastarik nagusi bilaka daitekeen obra non euskara protagonista nagusia den. Patxo Telleriak idatzitakoa, kultur aniztasunaren ondarea loratzeko lana da.
‘Ghero’ Euskaltzaindiak proposaturiko ideia batetik dator. Zuen lan prozesua asko aldatu da baldintza honetatik abiaturik ala askatasun osoa izan duzue nahi zenutena egiteko? Ideia baino enkargua izan zen. Akademiaren mendeurrena dela eta kultur ekimen batzuk antolatu nahi zuten, nolabait Euskaltzaindia plazara, kalera ateratzeko, eta mendeurrena hau ospatzeko antzerkiaren bidez egitea erabaki zuten eta hori dela eta enkargua bidali ziguten. Horretarako Patxo Telleriak testua egiteko ardura hartu zuen, Akademiatik ondo ikusi zuten eta aurrera egin genuen proiektu honekin, askatasun osoz egin ahal izan duguna.
Antzezlana euskaraz idatzita badago ere, dozena bat hizkuntz erabiltzen dira gidoian. Istorioak hala eskatzen zuen ala kultur aniztasuna aldarrikatzeko keinua izan da? Nik uste dut egileak kultur aniztasunari goraipamena egin nahi izan dio, hizkuntzen kultur aberastasuna loratzeko, ahaztu gabe hizkuntza batzuk egoera pribilegiatuago batean daudela eta beste batzuek ba, hor dirautela, kostata eta zailtasun guztien gainetik. Hala defendatzen du Patxok bere testuan, hizkuntza guztiak garrantzitsuak eta nolabait izaki bizidunak direla.
Umore eta komediarako tartea aurkitu duzue oso baikorra ez den gai bat garatzeko. Nola lortu duzue? Agian autoreak berak hobeto azalduko luke baina gogoan dut prentsaurreko batean Patxok aipatu zuela ez zekiela istorio baikorra edo ezkorra den, azken finean 3000 urtean euskara dakienik norbait badagoela pentsatu izana baikor samarra da. Horrexegatik ez nago ziur hau obra ezkorra den. Komedia sartzearena bai, egia da aurreko ikuskizunekin alderatuta diferentzia nabarmena dagoela. Oraingo honetan ez dugu komediaren bide zuzena hartu baina bide hori guztiz itxi gabe. Geure buruaz barre egiteko aukera izan dugu, eta nik uste dut hori osasun on baten seinalea dela, umorea inportantea baita nahiz eta tragedia baten aurrean egon. Dena den ez gaude tragedia huts baten aurrean, ‘Ghero’-ren amaierak ilusiorako bidea ematen digulako.
Bira azaroan hasi zen eta hurrengo hilabeteetan hainbat herritan antzeztuko da. Ze nolako harrera izan du orain arte? Orain arteko ibilbideari erreparatzen badiogu esan genezake oso harrera beroa izan duela, oso pozik gaude, estreinatu genuen unetik publikoarengan sorpresa sumatu dugu aurreko obrekin umorea eta komedia oso modu zuzenean erabili direlako eta kasu honetan ez, tragedia punttu bat aurkituko delako eta malenkonia ere bai, nahiz eta komedia ere franko dagoen. Iritzi on asko jaso dugu eta obran zehar planteatzen diren fabula ezberdinek hausnarketarako aukera bat ematen dute eta hori, nik uste dut, jendeari interesatzen zaio.
Euskara obraren protagonista nagusia bada ere, jorratzen duen gaia puri-purian dago hainbat lekutan, hizkuntz gutxituek desagertzeko duten arrisku erreala. Uste duzue antzezlan honek ibilbidea eduki lezakeela Euskal Herritik kanpo? Mundu euskaldunetik kanpo interesa somatu duzue? Egia esan, ideia hori ibili da geure buruan, batez ere emaitza ikusi ondoren baina egia da, Euskaltzaindiak enkarguari erantzuna ematea zela eta hori izan da gure xede nagusia. Argi dago ere euskalduna izan behar zarela obra hau ikusteko. Agian azpitituluen bidez egin liteke. Azpitituluena Europa mailan gero eta maizago egiten den formula da. Egia da antzezlanean badagoela gai unibertsala eta horrexegatik ‘Ghero’ denok ikusteko moduko ikuskizuna dela, ez bakarrik lurralde konkretu batean non hizkuntza gutxitu bat dagoen baizik eta hizkuntza nagusitzat ditugun eremuetan ere ikusteko moduko obra da hausnarketa proposatzen duena guztiok nolabait aberasteko. Texto de David Tijero.