PI L.T. Irautea.

Ia bi hamarkadako ibilbidearen ostean, Pi L.T.-ek argi dauka zer aldatu den eta zer ez. Gizartea eta musikaren industria abiadura bizian eraldatu diren arren, taldearen oinarria bere horretan mantendu dela diote: musikarako pasioa, elkarren arteko konfiantza eta benetakotasunaren aldeko apustua. Indarraren eta zaurgarritasunaren arteko orekan eraiki dute euren nortasuna, eta sormen prozesua guztion artean partekatzen jarraitzen dute. Literaturatik zinemara, inspirazio iturri ugariz elikatzen den taldeak, moden gainetik, bere bideari eusten dio.
Zuen musikak tentsio berezi bat dauka: indarra eta zaurgarritasuna batera agertzen dira askotan. Kontraste hori bilatzen duzue hasieratik, ala modu naturalean ateratzen zaizue? Hasieratik oso modu natural ateratzen zitzaigun gauza da. Kontrasteak aberasgarriak dira eta kolore aniztasuna ekartzen diote bizitzari. Musikalki oso eraginkorra da eta dinamika jokoetan ibiltzea asko gustatzen zaigu. Asko disfrutatzen dugu indar handiko pasarte batetik pasarte lasai bati tartea egiten eta alderantziz.
Proiektuaren hasieratik hona, zer da gehien aldatu dena? Eta zer mantendu nahi izan duzue, nahiz eta denborak edo esperientziak aldatu? Gehien aldatu dena, normala denez, gizartea eta bere ohiturak dira. Guk, musika, hasi ginen momentua bizi genuen pasio berberarekin bizitzen jarraitzen dugu. Musika gure bizitzaren ardatzean dugun lau pertsona gara eta horrek bere horretan jarraitzen du. Denborak perspektiba eta eta esperientzia handiago eman digu benetan pena merezi duena behar bezala balioztatzeko. Lauron profilak, ezberdinak izanik, oso ondo ezkondu izan dira lehen momentutik eta taldearen nortasuna horrela eraiki da. Guztiek ekarpen handia egiten dute eta batak zein besteak mahai gainean jartzen duena, guztion artean hobetzea lortzen dugu. Horrela ez balitz, ez genuke taldearekin jarraituko.
Abesti bat amaitutzat noiz ematen duzue? Badago une bat «nahikoa da» esaten duzuena, ala beti geratzen da zerbait ukitu nahiko zenuketena? Batzuetan zaila izan arren, kantua amaitutzat ematen dugu guztion onespena lortzen denean. Gero, denborarekin, beti agertzen da zerbait aldatu nahiko zenukeena baina ekidin ezin den gauza da.
Musikatik harago, zein dira gaur egun inspiratzen zaituzten diziplinak edo sortzaileak? Literaturak, zinemak edo arte plastikoek tokirik ba al dute zuen sormen prozesuan? Musikatik, haratago, literatura eta zinema dira gehien inspiratzen gaituenak. David Lynch, Tarantino, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi, David Ucles, Picasso, Oteiza, Zumeta, Alain Urrutia…zerrenda amaigabea litzateke.
Zer aldaketa ikusten dituzue eszenan eta musika munduan hasi zinetenetik? Oraindik eroso sentitzen zarete? Gehien aldatu dena abiadura da. Egun, talde batek ezezaguna izatetik sekulako ohiartzuna izatera hilabete batean pasatu daiteke. Gauzak oso epe laburrera pentsatzen dira. Zerbaitek ez badu lehen egunetan funtzionatzen, ez du balio. Gizateak horrela funtzionatzen du gaur egun baina bada gauza bat ez dena aldatu; benetakotasuna. Garai likidoetan bizi garen arren, benetazko ekimenek beti izango dute lekua. Gurea halakoa dela esango nuke, horrenbeste denboran hala erakutsi dugulako. Gure arteko kimikak funtzionzatzen duen artean disfrutatzen jarraituko dugu eta, momentuz, horrela da. Mikel Izarraren testua.
Pi L.T.-ek Andre Maria Zuriaren jaietan joko du abuztuaren 7an Aihotz plaza



