Marte Lasarte. Galaxiatik.

Marte Lasarteren abestiak gertuko bizipenetatik jaiotzen dira, nahiz eta bidean fikzioak eta irudi poetikoek beste dimentsio bat eman. Taldearentzat, isiltasuna ez da hutsunea, musikaren parte baizik: erritmoa eta arnasa ematen dizkien elementua. Denborarekin ez dutela «heldutasuna» bilatu diote, baizik eta euren hizkuntza propioan eroso sentitzeko modua aurkitu. Sormen prozesua presarik gabe eta modu naturalean eraikitzen dute, entzuleari emozioak, galderak eta hausnarketarako tartea eskaintzeko asmoz.
Marte Lasarteren musikak intimitatea eta gertutasuna transmititzen ditu. Nondik sortzen dira abestiak: bizipen pertsonaletatik, irudietatik edo fikziotik? Gehienbat bizipen pertsonaletatik sortutakoak dira abestiak, gure inguruko bizipenekin sortzen dugu Marte Lasarteren mundua. Egia da, batzuetan, istorioak beste forma bat hartzen duela eta beste elementu estetiko batzuekin betetzen ditugula, baina oinarrian oso errealak dira.
Zure kantuetan isiltasunak ere badu pisua. Zer bilatzen duzu espazio horiekin, hitzek edo instrumentuek betetzen ez dituzten une horietan? Uste dugu hutsuneak zarataren parte direla, abestiei erritmoa ematen diete eta diskurtso batean bezala arnasguneak izan behar ditugu. Hori guztia ezinbestekoa da.
Zure azken lanetan heldutasun handiagoa sumatzen da. Zure ustez, zer da gehien aldatu dena konposatzeko moduan lehenengo abestietatik gaur arte? Ez dugu sinisten horretan gaur egun. Helduago izatearena agian nerabezaroaren ondoren gerta daiteke, baina, beharbada, galdera litzateke zer ote den heldua? Uste dugu denborarekin hobeto eta errazago aurkitzen ditugula eroso gauden puntu musikalak. Proiektu hau beste proiektu batzuetan ibilitako lagunok osatu dugu, hasieran arazoa gehiago izan zitekeen Marte Lasarte bera definitzea, oraintxe bertan erreferentzia badaukagu, horrek dakarzkigun erraztasunekin.
Gaur egun musika etengabe eta azkar kontsumitzen da. Horrek baldintzatzen al du sortzeko modua, ala disko edo kanta bakoitzak behar duen denbora errespetatzen saiatzen zara? Gehiegi behartu gabe, eta nahiko kaotiko, normalean bozetoei sortu aurreko azken hile/bi hiletan ematen diegu forma, hori bai, sortze prozesuan zailena abestiari amaiera ematea da, horrexegatik, errazagoa izaten da data jartzea.
Entzule batek zure musikarekin lehen aldiz topo egiten duenean, zer espero duzu etxera eramatea: emozio bat, galdera bat edo konpainia sentsazio bat? Ahal izanez gero, dena eramaten badu, hobeto. Guk, behintzat, eskertzen dugu abestiek galderak edo pentsatzea eragiten digutenean, eta gure estiloan hori ere badago. Arteak ezin du deskribatzaile soil izan, baina badakigu bere mugak ere badituela, hortaz, ez gara gehiegi kezkatzen horrekin, nahiko natural ateratzen zaigu. Mikel Izarraren testua. Xerra Estudio-ren argazkia.
Marte Lasartek Gernikako jaietan joko du abuztuaren 15ean, eta Boga Boga Festibalean irailaren 13an.



