Arima. Aukeratua.

‘Ez dago amor’ lanarekin, Arimak lotura afektiboen erretratu gordin eta garaikide bat planteatzen du, sufritzeko beldurrak, zaurgarri agertzeko zailtasunak eta baliozkotzeko etengabeko beharrak zeharkatuta. Distortsioen, akoplatzeen eta intimitate handiko pasarteen artean, artistak lan borobila eraiki du, non zaratak ia berezko hizkuntza emozional gisa funtzionatzen duen, hitzek batzuetan lortzen ez dutena adierazteko gai.
Erlazio eta amodio garaikidearen ideia konplexua planteatzen du lan honek. Nondik irten da eta zer transmititu nahi du? Hasiera batean, maila orokor batean planteatu nahi nuen: zauri kolektiboek gure intimitatea zenbateraino zeharkatzen duten. Hala ere, diskoa idatzi eta konposatu ostean, egiten dudan irakurketa askoz pertsonalagoa da, eta interpretazio ere banakakoagoa egiten dut. Aukeratua izateko beharraz hitz egiten du, beldurrez eta zaurgarritasuna adierazteko ezintasunaz, sufrimenduaren beldurrak zuzenean zeharkatzen gaituen bitartean. Sufritzeari beldur diogu; horregatik, emozioak adierazteari eta gure bihotza beste pertsona bati irekitzea saihesten dugu. Esperientzia horiek ekiditen ditugu. Eta zer gertatzen da gure bizitzetan sentitzeari uko egiten badiogu?
Zaintzak, bakardadea. Zuloa eta amildegia. Mezuak. Scrolling infinitua. Identitatea eta balioa. Maite gaituzte garenagatik ala gugandik espero dutenagatik? Harremanez hitz egiten du: zer harreman mota sortzen ditugun, elkar ukitzeko edo hurbiltzeko dugun moduaz, eta gaur egungo testuinguruan hori guztia nola aldatzen ari den.
Zarata edo distortsioa konstante bat da zure musikan. Zelan lantzen dituzu? Nahiko modu intuitiboan lantzen ditut; jolasa eta inprobisazioa dira beti ardatza. Hala ere, disko honetan testura, sample, anplifikadore eta pedal ezberdin asko erabili ditut. Modu organikoan grabatutako zerbait (horrek dakarren hauskortasun eta intimitate guztiarekin) distortsioaren bidez apurtzen dut, modu sinboliko batean adierazi nahi dudanarekin lotuta. Arrakalak sortzea sonoritatean.
Oro har, akopleak, zarata, pedal efektuak, saturatutako sample-ak eta melodia ezberdinen arteko konbinazioaren bidez lantzen ditut soinuak. Karlos Osinaga “Txap” ere figura klabea izan da prozesu honetan. Distortsio ezberdinak lantzen, akopleak grabatzen eta beste adierazpide batzuk bilatzen aritu gara elkarrekin.
Zentzu horretan, badirudi zure musika fragilitatearen eta intentsitatearen artean mugitzen dela. Kontzientea da ala intuitiboki ateratzen den zerbait? Hasieran intuitiboki ateratzen den zerbait da, eta gero kontziente bihurtzen da. Berriz ere, dualitate horrekin jokatzen dut musikaren bidez adierazteko. Nire kasuan, soinuek eta dinamika batzuek askotan letrek baino gehiago adierazten dute.
Ahotsa ere oso modu berezian landuta dago beti. Zergatik? Zein inspirazio dute testuek? Azken disko honetan, ahotsek reverb eta delay gutxiago dute. Lehorragoak dira, zuzenagoak. Mezua modu argiago batean heltzea nahi nuen.
Kontsumo arinaren garai hauetan, zelako harrera eduki du patxadaz eta atentzioz entzun behar den lan honek? Normalean jendeak partekatu didana izan da une lasai batean entzuteko gorde dutela diskoa. Momentu berezi bat aurkitu dutela hura jarri eta arretaz entzuteko. Gure bizitza azeleratu hauetan, disko bat entzuteko tarte bat hartzea oso baliotsua iruditzen zait. Biniloan entzutea gomendatzen dut. Eta zuzenean bizitzea. Mikel Izarraren testua.
Arimak ekainaren 18an joko du Donostiako Dabadaban.



