Mirua. Konektatzea.

Aiara Fest bezalako herri ekimenetan parte hartzea garrantzitsua da Miruarentzat: ilusioz eta konexio gosez hartzen parte izatea. ‘Miruenea’ azken laneko kantekin eta zuzeneko berritu batekin iritsiko dira, gero eta elementu akustiko gehiagori lekua eginez eta momentuko egia aldarrikatuz. Tradizioa eta garaikidetasuna modu naturalean uztartzen dituen hirukoteak oholtza gaineko benetako harremana bilatzen du, publikoarekin batera festa eta bizitasuna partekatzeko. Mirua Aiara Festen jotzen egongo dira martxoaren 29an.
Aiara Festen jotzea zer suposatzen du zuentzat? Ilusio handia egiten digu Aiara Festen parte hartzeak. Beti da ospatzekoa gure herriak horrelako jaialdi bat antolatzeko gaitasuna izatea; herri-ekimenen parte izatea asko gustatzen zaigu. Etxean jotzea beti da berezia, hurbiltasun horrek ematen duen berotasuna ez baita beste inon aurkitzen.
Zein da eramango duzuen zuzenekoaren espiritua? Zer topatuko du publikoak zuen kontzertuan? Zuzeneko berri bat prestatzen ari gara, aurrekoak baino garatuagoa, eta gure Gazte ta Lorios biran aurkeztuko duguna. Oraindik ezin dugu gehiegi aurreratu, baina gure asmoa ahalik eta gehien zuzenean jotzea da. Orain arte musika asko aurretik grabatua izan da, baina geroz eta gehiago gure helburua elementu akustikoak txertatzea da. Zuzenekoak duen magia hori —momentuko egia eta kantuaren bizitasuna— berreskuratu nahi dugu, «zuzenean» jotzeak ematen duen indar hori gozatuz.
Azken lanetik abesti berriak joko dituzue? Nola moldatzen dituzue kantak zuzenerako? Bai, ‘Miruenea’ gure azken diskoko kantak joko ditugu, eta ziurrenik ‘Mirua’ aurreko laneko kuturen bat eta kanta berriren bat ere sartuko ditugu errepertorioan. Moldaketei dagokionez, gero eta sakonagoak dira; talde gisa eboluzionatzen ari gara. Hasieran hirurok oinarri elektroniko batekin aritzen ginen, baina pixkanaka instrumentuek garrantzi handiagoa hartu dute. Guretzat funtsezkoa da musikarekin elkarreragina izatea, eta ez grabatutakoaren gainean bakarrik aritzea.
Zuen soinuak tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen ditu. Nola lantzen duzue oreka hori sorkuntza prozesuan? Gure kasuan oso modu naturalean sortzen den oreka da. Bizitza osoan entzun izan dugu musika tradizionala, eta azken urteotan, normala denez, gaur egungo joerak jarraitu ditugu. Diskoa egiteko orduan, bi mundu horiek fusionatzea ia beharrizan bat izan zen, gure hizkuntza propioa bilatzeko bidea. Gure kodeetan hitz egin nahi dugu, eta oreka hori naturala zaigu, gure izaeraren parte delako.
Aiara bezalako herri giroko jaialdi batean, zer bilatzen duzue: festa, konexioa, esperimentazioa…? Zer espero duzue publikoarengandik? Konexioa bilatzen dugu, zalantzarik gabe. Herri bateko jaialdiak ematen dizun hurbiltasun hori oso aberasgarria da. Horregatik ari gara, hain zuzen, soinu akustikoagoetara jotzen: metronomoaren edo «in-ear»en menpekotasunetik atera nahi dugu, oholtza gainean gauden musikariok elkarrekin konektatzeko eta, aldi berean, publikoarekin bat egiteko. Publikoa horretarako prest egotea espero dugu, elkarrekin festa handi bat osatzeko. Mikel Izarraren testua.
Mirua taldeak maiatzaren 7an joko du Bilboko Kafe Antzokian eta maiatzaren 29an Aiara Festean, Amurrion.



