Ziraun. Musika Berrien eta Itxaropen Berrien Bidegurutzea.
Ziraun taldea, Belatz-en oinorde sortu den proiektu berria, ilusio eta erronka freskoekin datorkigu. Taldekide aldaketak eta musika-ikuspegi berriak taldearen estilo iluna eta melodia itsaskorrak elikatzen dituzte, proposamen musikal originala eta propioa sortuz. Hemendik aurrera, taldearen helburua da estilo hori sakondu, kantu berriak sortu eta bira bati ekitea.
Nolakoa izan zen Belatz taldetik Ziraun proiektura jauzia? Zer aldaketa ekarri ditu talde berri honek? Belatz taldea aspaldi izan genuen proiektu polit bat izan zen. Taldekide batzuk joan eta beste berri batzuk etorri ziren eta azkenean aldaketa garaia heldu zen, Ziraun deituriko talde berri honi hasiera emanez. Talde honek berarekin ilusioa, musika berria eta erronka berriak ekarri ditu.
Zer esanahi du “Ziraun” izenak eta nola islatzen da zuen musikan? Eztabaida asko daude gai honen inguruan, baina inork ez daki zein den benetako arrazoia. Batzuen ustetan izen hori taldean planteatu ziren proposamenen artean Ibonen gustoena zelako da, beste batzuek uste dute gure baxujoleak bizikletan entsegura bidean zihoala animalia hori aurkitu zuelako dela… batek daki. Eta loturarik dagoen edo ez… izan daiteke, azken finean musika originala egiten saiatzen gara, ziraunek egiten duten bezala, bira asko emanez.
Zuen abestiak iluntasunarekin eta melodia itsaskorrekin deskribatu izan dira. Nolakoa izan da estilo hori garatzeko prozesua? Bai, horrela deskribatzen dugu, baina estetika hori lortzeko estilo eta gustu askoren konbinazioan oinarritu gara. Azken finean, gure kasuan, taldekide bakoitzak musika estilo oso ezberdinak entzun edota sortzen ditu. A priori bateraezina den zerbait bateratzen saiatzerakoan jaio den estiloa da eta denok gaude pozik eta harro lortutako emaitzaz.
Zein erronka edo helburu dituzue hurrengo hilabeteetarako Ziraun talde bezala? Azken boladan taldean aldaketa handiak eman dira eta lehenengo eta behin taldearen oinarriak berreraikitzen ari gara. Horren ostean, gure asmoa kantu berriak sortzea eta diska berri bat grabatzea da, ondoren 2025ean bira bat antolatu eta kontzertuak eskaintzeko. David Tijeroren testua.