Janus Lester. Trantsizioen eta sormenaren arteko bidaia musikal bat.
Janus Lester proiektua Jokin Pinatxo musikari beratarraren azken sormen ahalegina da, barruko beharrizan natural batetik sortua. Azken Trena taldearen amaierak eragindako trantsizioaren ondoren, bakarkako ikuspegia taldekideen ekarpenekin uztartu du. Taldean garatzen duen musika estilo aberats eta koloretsuak hasiera berrien eta sormenaren isla dira.
Zerk inspiratu zintuen Janus Lester sortzera, eta nolakoa izan zen Azken Trena taldeko zure ibilbidetik egindako trantsizioa? Sortzeko behar natural batetik etorri zen Janus Lesterren sorrera. Azken Trena utzi behar izan genuela konturatu ginen, ikasketak zirela eta, taldeko musikari batzuk kanpora joan zirelako eta ez zelako bideragarria. Momentu honetan konturatu nintzen pertsonalagoa zen proiektu bat eraiki nahi nuela, eta Mattin Arbelaitzi, Azken Trenako baterijolea, eta orain, Janus Lesterrekoa, idea aipatu nion eta bere partetik jasotako konfiantzak egin zidan aurrera pausua eman eta Janus Lester sortzera animatzea.
Zer esanahi du ‘Janus Lester’ izenak eta nola islatzen du zure ikuspegi musikala? Bi hitzen arteko nahasketa da. Nik saxofoia jo izan dut beti, eta Lester Young mitikoak nola jotzen zuen asko gustatzen zitzaidan. Janus jainko erromatar bat da, orduko tenpluetan ateetan egoten zen jainko bat. Honek, bi aurpegi ditu, bat aurrera ta bestea atzera begira, hasiera berrien edo trantsizioen jainko bihurtuz. Niretzat saxofoia utzi eta abestera ematearen pausua trantsizio bat zenez, bi munduak elkartu eta Janus Lester sortu zen.
Zeintzuk dira Janus Lester taldearen estiloa eratzen duten eragin musikal nagusiak eta nola nabaritzen dira kantuetan? Esango nuke musika britainarraren eragin pixkat izan dezakegula, hori esan ohi digute. Hala ere, zazpi kideko talde bat izanda, nik uste kide bakoitzak erreferentzia asko eta oso ezberdinak ditugula eta asko sumatzen dela hori abestiak janzterako garaian. Nire ustez, ederra da bakoitzaren munduak elkartu eta musikalki batak bestea horrela elikatzea.
Deskriba al dezakezu abesti bat sortzeko duzuen sormen prozesua? Nondik abiatzen zarete? Abestia normalean gitarra soilez idazten dut nik etxean. Abestiak melodia eta estruktura bat duenean, taldearekin elkartu eta lehenengo arregloa egiten dugu, hau da, bakoitzak berea aportatzen du eta benetazko abesti baten forma hartzen du. Gero, ekoizpenaren fasean sartzen da abestia. Normalean nik neunek edo Garazi Esnaola-ren laguntzarekin egiten dugu, eta lehen ekoizpen honek forma hartu duenean, taldekide guztiekin honen gainean landu eta sakontzen jarraitzen dugu. Bukatzeko, Gaztain Estudioetan grabatzen dugu baina han ere, azken ekoizpen fase batetik pasatzen da abestia beti, Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin.
Euskal Herriaz gain, beste herrialde batzuetan ere jo duzue. Zer sentitu duzu zure musika kanpoan nola hartzen duten ikustean? Berezia da. Ez dakizu etxetik atera eta kanpoan hotz egingo duen, baino aldi berean, erronka polita izan da kasu guztietan eta asko disfrutatu dugu. Egia esan, harrera bikaina izan dugu bai Madril, Logroño eta Finlandian, eta horrek ere poztasun handia sorrarazi digu, gure musikak mugetatik eta hizkuntzatik haratago ere konektatzea lortu duelako ikusi dugulako. David Tijeroren testua.