Eukalyptus. Egurra Taulagainean.
![Eukalyptus](https://www.auxmagazine.com/wp-content/uploads/2024/12/Eukalyptus-610x420.jpg)
2022an Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka irabazi eta gero, Jon Ander Urresti aktore bermeotarra ‘Eukalyptus’ pieza garatzen eta aurkezten ibili da. Landarearen historian arakatuta, egungo gizartearekiko antzekotasun ugarietaz hausnartzen du obrak, era kritiko, esperimental eta dokumentatuan. Zuzenezko jardunaren bitartez, Urrestik bere estilo propioa egonkortu du.
‘Eukalyptusen’, eukaliptoa metafora gisa erabiltzen duzu gure lurrarekin eta gure bizitzekin dugun harremanaz hitz egiteko. Zer sinbolizatzen du eukaliptoak zuretzat eta nola konektatzen da egungo gizarteko gatazka eta dilema guztiekin? Eukaliptoa gure paisaiaren ustiapen ekonomikorako dagoen espezie hoberenetariko bat da. Oso ezaugarri potenteak ditu espazio gutxitan egur asko eta arin produzitzeko, gainera zelulosa sortzeko erabiltzen da: papera, kartoia… Uste dut hori berez ia gure gizartearen radiografia bat dela, ahalik eta gutxien eginez kapital asko lortu nahi dugulako, horrek izan ditzakeen natur eta gizarte ondorioetan pentsatu gabe, eta azken finean zertarako? Berez, lar garrantzitsuak ez diren gauzak produzitzeko. Beraz gure ustezko efizientziek duen prezioa garestia sinbolizatzen du. Honek demostratzen digu gure eguneroko pribilegio txikiak ere ez daudela ekosistemarekin orekan.
Esan duzu jendeak ingurunearekin erlazionatzeko duen modua zalantzan jartzea nahi duzula. Zein izan zen antzezlanean gai horri heltzeko hasierako inspirazioa eta nola nahi duzu entzuleengan eragina izatea? Niretzat hau da artearen gaitasuna, gauzak zalantzan jartzea. Oso garai zientifikoetan bizi gara baina beti irakurketa merkantilista batetik sortzen dira “egi” absolutuak. Hor zirrikitu bat ireki behar du arteak, abstraktua izateko aukera duelako. Ezohiko formek eta diskurtsoek demostratzen dute gure usteak azken finean hori direla, usteak baino ez. Kasu honetan ikuslea astintzeko estrategia ezberdinak erabili ditugu. Antzezlanaren forma bera ez da narratiba klasiko bat, istorio bat kontatzen duena; saiakera eszeniko bat da, kontzeptu eta dilemak hartu eta modu sinboliko batean erakusten dira. Horretaz gain, dokumentazio lan sakon bat egin dugu. Eukaliptoari buruz dauden uste batzuk desmuntatzeko eta baita Hiria VS baserria dilema plazaratzeko ere: nola sortzen diren diskurtso batzuk hiriguneetan eta zelan heltzen diren landa eremuetara, baina nola hirietako kontsumo arduragabeak ekologistak ez diren egitasmoak behar dituen… Beste modu batera esanda: oso erreza da frankizia eko batean bazkaltzea Bilbon, bazkaltzeko paperezko papera eukaliptoagaz egin dela jakin barik.
Proiektua zortzi eskutara idatzi zen, Matxalen de Pedro, Nerea Ibarzabal eta Beñat Urrutiarekin batera. Nolakoa izan zen sorkuntza-prozesu kolaboratiboa? Ba al zen harritu zintuen ideiarik edo ikuspegirik? Nola heldu zarete da antzerkigintza eta dantza-elementuak uztartzera? Gure sortzeko modua taula gainean da. Irudi, ideia, materialak probatzen azken gara eszena gainean eta akzio potentzialak identifikatzen ditugu. Zertaz hitz egiten du? edo dezake? Gero ikusten dugu ea testeua behar duen eta probatzen hasten gara. Beste batzuetan musika edo dantza/mugimendua. Guztia planteatuta dagoenean hasten gara finago josten, testuan logikak aurkitzen eta pertsonaiak definitzen. Mikel Izarraren testua.