Migratzaileen bidaia, ANDER LIPUSen arabera
Antzerki// Amets Arzallusen ‘Miñan’ liburuaren istorio hunkigarriak oholtzara jauzi egingo du antzezlan berri batean. Migratzaileen esperientzia gordinak eta biziraupenaren indarra azaleratu nahi ditu, ikus-entzuleak bidaia emozional sakon batera eramanez. Ander Lipus, zuzendari eta aktorearekin hitz egin dugu proiektu honi buruz gehiago jakiteko.
1.- Nola sortzen da ‘Miñan’ liburua antzerki lan bihurtzeko proiektua? Aspalditik Timberlake Wertenbaker dramagile ingelesarekin zerbait elkarrekin egiteko asmoa nuen. Amets eta Tim lagunak dira eta Tim izan zen liburua ingelesera itzuli zuen ‘Miñan’ Londresen egiteko asmoa zuela. Nik esan nion pena litzatekeela euskaraz idatzitako liburu baten antzezlana Londresen egitea eta ez Euskal Herrian. Gutxika-gutxika Londreseko proiektua bertan behera geratu zen eta orduan nik esan nion ea animatuko zen gurekin lan egiteko. Ametsek baiezkoa eman zigun Ibrahimarekin hitz egin ondoren eta orduan hasi ginen oraindik sortze prozesuan dagoen ‘Miñan’ antzezlana egiten.
2.- Zein izan da erronkarik nagusiera hain istorio pertsonala eszenatokira eraman ahal izateko? Hau izango da migrazioaren gaia jorratzen duen trilogia baten hirugarren antzezlana. Erronka handia da benetako istorioa delako. Orain arteko egin ditugun istorio guztiak errealitatetik abiatu gara baina fikzionatu egin ditugu.
Hemen ez dago fikziorik. Kontatzen duguna ez da fikzionatua. Pertsonaiak eta istorioa errealak dira.
3.- Eszenaratzearen zein elementu jotzen dituzu funtsezkoak liburuaren mamia transmititzeko? Ibrahimaren hitza da gakoa, ahozkotasunetik nola kontatzen digun istorioa. Hori izango da elementurik indartsuena. Gero, nola ez, argiek, eszenografiak berak, jantziak, musikak… horrek beste leku batera eramango gaitu, eta horrek ere, nolabait esateko, nahiz eta helburua sinpletasunaren magian jolasten jarraitzea den, beste guztiak indarra emango dio antzerkiari.
4.- Antzerki emanaldi honek migratzaileekiko kontzientzia eta enpatia handiagoa sortzen lagun dezakeela uste duzu? Arrazakeria eta xenofobia gertaera asko ikusten ari gara aspaldian baina esan beharra dago jende hori bere herritik ateratzen dela ez nahi duelako, baizik eta behar duelako eta horiei ahotsa jartzea beharrezkoa da.
Hortaz aparte, emanaldi eskolarrak egiten ditugu eta gure web orrian arrazakeriaren inguruan txosten pedagogikoak eskura jartzen ditugu gazteek ezagutza eduki dezaten.
Bestalde, hemengo jende zuria, euskalduna, joango da antzezlana ikustera eta niretzat polita izango zen afrikarrak eurak ere nolabait integratzea eta istorio hori haiei ere ezagutaraztea, askotan Afrikatik Europarako bidaia hasten dutelako jakin gabe benetan zer daukaten aurrean, basamortua, tortura, esklabotasuna, … eta hori ere garrantzitsua da helaraztea.
5.-Ibrahimaren istorioa minaren eta esperantzaren nahasketa da. Nola orekatu duzu elementu horiek antzezlanaren narratiba egitean? Ibrahimak liburuan esaten dio Ametsi “Bizitza esaten ez da hain erraza”. Gogoraraztea egindako bidaia, ama etxean utzi izana…, istorioan gauza asko daude oso gogorrak direnak eta, guzti horren gainetik, Ibrahimak, izugarrizko indarra eta irribarrea adierazten du eta nik uste dut hori helaraztea inportantea dela. Aitak Ibrahimari esaten dio, «bizitza hala da, eta ez duzu inoiz pentsatu behar zuk beste inork baino gehiago sufritzen duzula». David Tijeroren textua. Ainhoa Resanoren aragazkia.