Nakar. Epelkeriaren Kontra.
Donostiko laukotea uzkur agertzen da euskal musika -olatu berri baten parte direla iradokitzean. Izan ere, euskal soinu gaurkotuena abiapuntutzat hartuta, egin eta esperientziaren bidez gorpuztuz doan proiektua da, bat batekotasunetik eta jakinminetik asko edaten duena.
Elektronikaren garaia heldu da Euskal Herrira? Bestelako aldaketaren bat igartzen duzue eszenan? Zergatik uste duzue dela? Aspaldi heldu zen elektronikaren garaia Euskal Herrira! Mikel Laboaren Bat-Hiru, lehen diskoan, jada badaude Moog sintetizagailuak. 1980ko hamarkadan ere baziren lehen samplerrak hemendik, ikusi Alberto Lizarralderen Haizetxe. Eta 1990ko hamarkada? Txitxarron bakalaoa topera, batetik, eta bestetik, Negu Gorriak eta Ferminen diskoak. 50 urte daramagu musika elektronikoa egiten Euskal Herrian, baina ez dugu memoriarik.
Gaur egun gertatzen ari dena da, inoiz lehendik gertatu gabea zena, mundu osoko erreferentziak ditugula uneoro eskura, eta etxean musika egitea asko erraztu dela. Modako joerek oinarri elektronikoa dute, eta urbano deitzen zaien hortan daude kokatuta, baina konfunditzen dugu elektronika musika estilo batekin. Gehiago da gauzak egiteko modua.
Badago helburu zehatzik edo esperientziaren bitartez gorpuzten doan proiektua da? Ze puntutan zaudete orain? Gure kasuan sortu ginen gauzak probatzeko, eta eginaren eginez finkatzeko. Ez genuen aurkeztu nahi proiektu super landu bat, eraikitzen zihoan prozesu bat baizik. Aurrekotik tiraka, egun, produkzio masiboko proiektu asko daude, den-dena garbi, bere lekuan, ondo murtxikatuta eta kasik plastifikatuta ematen dizutena. Eta guk horri ihes egin nahi diogu.
Lehen lanean tristurari eskeini diozue hainbat kantu, baina izan duen harrera pozteko modukoa da! Egongo da kantu alairik? Zeri kantatuko diozue? Zelakoa da zuen sortze prozesua? Triste geunden garai batean elkartu ginen Jone eta biok, eta sentimendu hori garai historikoarekin lotu genuen. Gure penak ere badirelako belaunaldi oso batenak, eta pikutara doan mundu batenak: Garaia Harri, esaterako, kantu apokaliptiko bat da, marimba batzuekin dantzatzeko.
Orain ari gara ‘Epelkeriaren Kontra’ deituko den EP bat lantzen. Inguruan dugun apatiaren eta hiri eredu alienantearen kontrako borrokan mugarri izatea nahi duguna. Azken finean, garrantzitsuena ez da musika ulertzeko modua eraldatzea, kalea ikusteko modua eraldatzea baizik.
Ze leku dute teknologiak, zinemak, arteak, literaturak edo bestelako arloak zuen musikan? Zerk inspiratzen zaituzte? Oso lapurtzearen aldekoa naiz ni, eta kanta batek inspiratzen banau, plagiatzen saiatzen naiz. Kantak egitean zerbait irakurtzen ari banaiz, hortxe sampleatzen ditut letrak ere. Aurrekoan, adibidez, Susan Buck-Morsen ‘Dialéctica de la mirada’ eta Guy Deborden ‘Discursos sobre la vida posible’. Kaleak ere: auzoan badago mozkor bat, ez dena sekula isiltzen, eta izugarrizko poeta dena. Berari lapurtu genizkion Lore eta Labanen esaldi gehienak.
Zer izango da zuentzat EHZn jotzea? Ze iritzi duzue jaialdi handiei buruz? Horrelako birarik egongo da? Lehendik hirutan izan naiz bertan jotzen, eta kristona da. Zalantzarik gabe da Euskal Herriko festibalik onena. Edonola, ez nuke sartuko jaialdi handien zakuan. Logika zeharo ezberdina du. Balioetan oinarritzen da, herrialdea eraldatzea du helburu, lan militantean, auzolanean, eta garrantzitsuena, enpresa pribatuak kanpo geratzen dira. Mikel Izarraren textua. Aitane Landaren argazkia.