Baginaren bakarrizketak. Hankatartetik hausnarketara.

2011an lehen aldiz estreinatu zenetik, ikusmin handia sortu duen obra hau berbegiratu eta Donostiako Printzipal Antzokian estreinatuko dute uda honetan. Hizkuntza eta bere erabilera berbegiratzeaz gain, formatua eraldatu du Begoña Bilbaok Eve Enslerren pieza arrakastatsua bigarrengoz euskaraz gidatzerakoan. Begoña Bilbao zuzendariarekin hitz egin dugu, estreinaldirako prest.
Nolakoa da hainbeste antzeztu, egokitu eta hainbeste eztabaida sortu duen obra zuzentzea eta itzultzea? Nik beti diot obra bat ondo idatzita dagoenean (bai testuari eta bai dramaturgiari dagokionez), errazagoa dela muntatzea zuzendariarentzat eta baita aktoreentzat interpretatzea. Egia da obra eszena edo bakarrizketa segida batez osatuta dagoela, komedia eta drama uztartuz; eta horrek bi erregistroen artean ibiltzera behartzen zaitu. Oso erronka interesgarria da. Itzulpena 2011ko bertsioaren itzultzaile berarena da: Inma Infestarena.
1996an estreinatu zen, eta garai hartako aurkezpenetan esaten zen izenburua eta gaia «indartsu samarrak» eta/edo «pizgarriak» zirela. Gaur egun, gai horiek onartuago daude? Emakumeen sexualitateaz hitz egitea, inhibiziorik gabe eta tonu zabar eta aldarrikatzailean, 1996an estreinatu zen garaian oso pizgarria izan zen. 27 urte igaro dira, eta nik testua oso ondo zahartu dela esango nuke. Egun horrelako gaiak jorratzera ohituta gaude, baina gaurkotasun osoa dute. Gainera, gaur egun ultra eskuinaren gorakadarekin, errebindikatzea eta eszenara eramatea komeni da, arrazoi gehiagoz. Erregresio garai batzuetan arriskuan egon daitezke, eta nik esango nuke une horietako batean bizi garela. Beraz, horrelako testuak beharrezkoak dira oraindik.
Obrak zeharka aipatzen dituen gaia edo egoerak ere aldatuz joan dira urteekin. Trans legea, LGTBIQ+ mugimendua… Eragina izan du horrek obraren zuzendaritzan? Bai, badaude gai batzuk obran landu ez zirenak, eta komenigarritzat jo dugu testua egungo egoerara egokitzea. Adibidez, bagina duten pertsonena, baina emakumetzat hartzen ez direnena. Obran zehar aipatu dugu.
Nondik dator aktore kopurua aldatzeko erabakia? Itzi Urretabiazkaiarekin eta Ainhoa Etxebarriarekin lan egina nintzen. Intzarekin ez, baina oso ondo hitz egin zidaten hartaz, eta aurkikuntza handia izan da. Bi erregistroak menderatuko lituzketen aktoreak behar nituen; komikoa eta dramatikoa, eta hirurek oso ondo funtzionatzen dute. Hamabi eszena daude, eta gai, erregistro eta pertsonaia aldaketek testua eta egitura menderatuta izatea eskatzen dute, gozatu ahal izateko.
Zein da horrelako euskarazko antzerkiari ematen zaion harrera? Gero eta euskarazko ekoizpen gehiago dago, eta horrek laguntzen du publiko euskalduna hazten eta sendotzen. Gainera, jendeak interpelatzen dituzten obrak ikusteko gogoa du, eta, gainera, haiekin dibertitzen badira eta barre egiten badute, hobeto. Gai serioak batzuetan umoretik hobeto metabolizatzen dira. Mikel Izarraren testua.