My Twitter Feed

March 19, 2024

Bulego. Bide Berriak Irekiz Euskal Musikan.

BULEGO20212627

Bulego boskote azkoitiarrak ‘Erdian oraina’ diskoa aurkezten du. Pop klasikoenari ekinez, proposamen berria eta energiaz beterik eskaintzen digu, bizitzaren zoragarria izan daitekeela gogorarazten diguten abesti argitsuen bidez. Tomas Lizarazurik, bandaren abeslariak, egindako elkarrizketa honetan hain proiektu erakargarriari buruz gehiago jakingo dugu.

Zer moduz animoak ia denetarako murrizketez beteriko hilabete luze hauek eman ostean? Oso motibatuta gaude! Zentzu honetan talde berezi xamarrak gara, izan ere gure lehen kontzertua eman ondoren pandemia iritsi zen. Orduan kantu bakarra geneukan kaleratuta eta proiektua jaio besterik ez zen egin, noski guretzat kolpe latza izan zen. Hala ere, hein batean pilak jarri zizkigun konfinamenduaren gai honek eta hortik sortu zen taldearen filosofia: beti saiatzen gara kantuetatik haratago zerbait eskaintzen. Konfinamenduan eta etxetik irten gabe kantu bakoitzari bideo bat egin genion, ondoren konfinamendu amaieran gune ireki baten eskainitako lehen kontzertua antolatu eta eman genuen, Kantu Bat aurkezteko Euskal Herria QR-dun kartelekin bete genuen, Gure Izarrak-en aurkezpena nagusien egoitzatan egin genuen… ez gara gehiegi gelditu.

Lehen bolo hura eta gero jendea eserita egon da kontzertu guztietan eta egia esateko hasieran zaila egiten zitzaigun arren bukaerarako ohitu egin gara ia. Ala ere, orain eta pixkanaka jendea zutik ikusten hasita flipatzen ari gara, izugarria da zenbat aldatzen den sentsazioa jendea eserita eta hotzak egotetik, zutik eta saltoka ikustera. Hurrengo pausoa barra irekita egotea eta jendeak musukorik jantzi behar ez izatea da, baino gu momentuz atzera pausorik ez egitearekin konformatzen gara, aurrera jarrai dezala normaltasunerako joera honek.

Sormen iturria izan da denboraldi hau? Nolabaiteko eragina izan du konposatu dituzuen kanta berrietan? Gure kantuetan gertatzen zaizkigun gauzak kontatzen ditugu, egunerokoari buruz hitz egiten dugu eta hau horrela izanda, pandemiak eragina izan du kanta berrietan dudarik gabe. Letretan gure inspirazio iturria bizipenak dira, ez dugu hitz egiten gauza abstraktuei buruz edo hirugarren pertsonaia bati gertatutako abenturei buruz baizik eta guri gertatutako gauzei buruz.

Ezagutzen ez zaituztetenentzat, azaldu hitz gutxitan, nortzuk zareten eta zer egiten dun Bulego taldeak. Bulego Azkoitiko bost musikari eta musikero amorratuk sortutako proiektu bat da, musika erdigunean jartzen duen diziplina anitzeko proiektua. Hasieratik musikaren inguruko arlo guztiei erantzuna ematen saiatu gara eta Bulegon musikariok ez ezik produktoreak, diseinatzaileak, zinegileak, makilatzaileak, estilistak, sare sozialetako profesionalak eta bestelako lanbideak dituzten pertsonak elkarrekin lanean diraugu.

Egiten ditugun kantuak pop generoaren bueltan dabiltza nahiz eta batzuetan alde batera edo bestera urrundu genero horretatik. Letrak, ahotsak eta sintetizadoreak dira garrantzirik gehien hartzen dutenak kantuetan, nahiz eta gitarra elektrikoak, baxuak eta bateriak batzuetan ezkutuan egonda ere sekulako pisua duten. Gure helburua kantuekin, hauek entzuten dituena harrapatzea da, gure bizipenak beraien bizipenekin konektatzea eta batez ere momentua gozatzea.

bulego

«Gure helburua kantuekin, hauek entzuten dituena harrapatzea da, gure bizipenak beraien bizipenekin konektatzea eta batez ere momentua gozatzea».

Zuen abestiak entzutean nostalgia kutsu bat sumatu dut. Zenbait doinuk haietan iraganera naramate. Ez dakit apropos egin duzuen zerbait izan denetz. Letrei dagokionez, lehen esan bezala, gure bizipenak islatzen saiatzen gara. Konfinamenduan ez da bestelako bizipenik egon gurean eta horregatik agian iraganera eta etorkizunera jo dugu gehiago gure letra batzuetan. Hala ere, abenduan kaleratuko dugun Erdian Oraina diskoan denetarik jorratuko dugu, iraganetik hasi, orainetik pasa eta etorkizunera arte.

Ez da erraza zure estiloan beste euskal taldeekin loturak aurkitzea. Musikalki, zeintzuk dira zuen influentziak? Egia esan behar badugu, taldea sortzeko ideia, faltan sumatzen genuen estilo baten hutsune bat betetzeko nahitik etorri zen. Urte gutxitan gauzak euskal panorama musikalean dezente aldatzen ari dira, baino orain dela ez urte asko, Euskal Herrian nahiko geldirik geunden musikalki. Orduan talde internazionalei begira hasi ginen eta ordundik gure influentzia iturri handiena bertan daukagu. The Weeknd, Dua Lipa, Ed Sheeran, Stromae, Sia… iturriak ez du amaierarik, oso musika zaleak gara eta influentziak ere danetarikoak dira.

Energiaz beteriko kantak dira zuenak, dantzarako perfektuak. Garai ilun baten bukaerarako soinu banda argitsua omen da. Batzuk esaten digute beraien konfinamenduetan eta pandemian bidelagun izan gaituztela eta hori gauza ederra da. Orain normalitatera bidean goazela horrela jarraitzea espero dugu, entzuten gaituenaren bidelagun izaten jarraitu eta aurrez aurre eta dantzan elkar ikusiko dugulako esperantza daukagu. Lehen ere aipatu dugu alde handia dagoela jendea eserita edo tente ikusi agertokitik eta gurea bezalako musika dantzagarria egiten duen taldeentzat aldaketa hori bortitza da onerako.

Zein da zuen helmuga epe ertainean? Zuen presentzia sendotzea bertoko eszenan ala atzerrira salto egitea? Dagoeneko hasi gara gure mugak pixka bat zabaltzen, esaterako azken hilabeteetan Bartzelonan, Castelló-n eta Madrilen eman ditugu kontzertuak eta harrera sekulakoa izan da! Gure helburua horrela jarraitzea da, dagoeneko datorren urterako baititugu Euskal Herritik kanpo pare bat kontzertu lotuta eta bitartean hemen egurra ematen jarraitu nahi dugu, oraindik hemen ere bide asko dugu irekitzeko talde gaztea izanik. David Tijeroren textua.

Deja un comentario