Willis Drummond. Bizitza Elkarrekin Ospatzeko eta Gozatzeko Da.
Jurgi Ekizak, Willis Drummondeko abeslariak, hilabete hauetan ziurgabetasuna nola bizi izan duten eta Donostian, Bilbon, Ondarroan eta Zumarragan beren azken ‘Zugzwang’ diskoa zuzenean aurkezteko nola prestatzen diren azalduko digu.
Pandemia iritsi baino lehentxeago, Japonian, Australian eta Tahitin ‘Zugzwang’ aurkezteko denbora eman zizuen. Nola ikusten zenuten orduan egoera? Non aurkitzen zineten konfinamenduaren hasieran? Bai. ‘Zugzwang’ 2019ko azaroan argitaratu genuen eta lehen kontzertuak eman genituen 2020 hastapenean. Euskal Herrian lehenik, Biarritz-eko Atabalen eta Bilboko Kafe Antzokian, bietan sarrerak agortuz. Horren ondotik, hasi genuen bira kanpoan; Justu Japoniara iristean, hasi zen aipatzen COVIDa telebista eta irratietan, han, hemen bezala, baina birako kontzertu guzi guziak mantendu genituen justu justu. Beraz, bueltatu ginen martxoan, hastapenetik finkatua zen egunean, baina konfinamendua bezperan hasi zen. Beraz, 30 orduz Moorea-ko hondartzatik gure etxeetara pasatu ginen, eta bi hilabetez ezin izan ginen handik atera.
Nazioarteko bira horretaz ari garela, oso desberdin bizi da musika hemendik kanpo? Bai noski. Euskaldun batzu hurbildu baziren ere kontzertuetara, publiko gehiena ez zen euskalduna eta beraz deskubritzen gintuen. Beraz, beste gauza bat da. Baina momentu berean, on egiten du beste zerbait ikusteak, beste jende batzuk ezagutzeak, beste banda batzuk, beste antolakuntzak ere. Japoniarengandik aldibidez, anitz daukagu ikasteko… Australia da Rock musikaren Meka, beraz betiko ametsa zen bertan jotzea, batez ere Melbournen… Hor aldiz sentitu dugu rockaren alde unibertsala, eta rock’n’roll giro «clichet» baina goxo hori… Areto ilunak, kamerino ilunagoak, eta pasio amankomun horrengatik elkartzen diren taldeak eta jendeak… Soilik disfrutatzeko, deus irabazi gabe baina momentazoak partekatuz. Australiako talde gehienentzat ere, «rock’n’rollak ez du dirurik emanen» orokorrean, baina inon baino rock gehiago egiten da hala ere. Tahiti-ren kasua berezia da. Bertako promotore ttipi bat, Frantzian 2012an eman genuen kontzertu batean ezagutu genuena, maitemindu zen taldearekin eta montatu zituen 4 kontzertu, ahal zen bezala, eta kriston ondo pasatu zen. Ez ohizko kontzertuak noski, baina hortarako joan ginen hara ere! Rockak badu bere eszena ere Polynesian, eta bertako hizkuntzez ere… Oso interesgarria.
Behin konfinamendu gogorra igarota, martxan jartzea eta errepidera ateratzea erabakitzen duzue, zaila izan zen zuen errepertorio indartsua formatu akustiko batera egokitzeko erabakia hartzea? Egia esateko, hastapenean uste genuen istorio horrek zenbait hilabetez iraungo zuela, ez gehio. Beraz. gure kontzertu guziak atzeratu genituen sei hilabetez. Azkenean, udazkenean ulertu genuen gauzak ez zirela segituan hobetuko eta jada pasatu genituen sei hilabete jo gabe. Guretako record bat! Beraz, erabaki genuen formatu akustikoa lantzea garaian irekirik mantentzen ziren aretoetan jotzeko: antzokiak nagusiki. Erabakia hartzea erresa izan zen. Pixkat zailagoa izan zen jakitea zer eginen genuen zehazki. Nahi genuen zerbait interesgarri proposatu, ez Willis Drummond cheap bat.
Erabaki arriskutsua izan arren, une hartan egin behar zena izan zelakoan zaudete, hain ukituta zegoen eszena bultzatzeko? Uste dugu ideia oso ona izan dela. Lehenik, sinpleki musikalki plazer handia hartu dugulako, eta horrengatik egiten da musika. Bigarrenik, ohartu ginen eman genuen lehen kontzertuan, jendeak musika behar zuela. Nahiz eta eserita egon eta muxukoarekin izan, kontzertua eta gero, jendeen begietan ikusten genituen irribarreak, benetan. Eta ze garrantzitsua den zerbait konpartitzea, zerbait elkarrekin bizitzea eta sentitzea, hain beste denbora bakoitza bere aldetik pasatu eta gero! Azkenik, uste dugu importantea zela ere sektoreko jendeari, batez ere teknikariei, lana ematea. Kontzertu bakoitzean azpimarratzen dugu normalki: hauek gabe, musikariak ez gira deus. Beraz ahal genuen neurrian, saiatu gira ere aktibitatea mantentzen.
Zer ekarri dizue Vicent Bestavenekin laukote-formatura itzultzeak? Esaten nizun bezala, nahi genuen zerbait «interesgarri» proposatu, eta egoerari egokia. Publikoa eserita egon behar zen? Bah, eserita joko genuen. Publikoak ezingo du dantzatu? Bai musika goxoagoa emanen genuen. Eta bagenekien konfigurazio hortan aldiz, jendeen belarriak zorrotzagoak izanen zirela ere, eta estetika ere landu behar genuela, guri so egonen zirelako mugitu gabe ordu batez. Horrengatik aldibidez saiatu ginen argi montage berezia prestatzen… Jendeak musikaren bidez bidaiatu dezala. Eta musikalki beraz, pentsatu genuen proposamena aberatsagoa litzatekela 4. kide batekin. Vincenti pentsatu genuen, Felixekin proiektu ezberdinetan jo eta jotzen duelako, eta bagenekien fidagarria zela. Krisiarekin, bere bakarkako proiektua (‘Botibol’) stand-by-en zegoen eta beraz libro zen ere. Eta batez ere, musikari paregabekoa da, gitarretan, teklatuetan edota ahotsetan, oso jatorra izateaz gain… Beraz, nahiko ebidentea izan zen bera hautatzea! 2018tik 2020ra arte hirukote formatuan egon ginen, eta experienzia bikaina izan da, beste dinamika bat sortzen duelako power trio izateak, bai musikalki, bai kontzertuen energiari dagokionez, bai lan dinamika orokorraren aldetik ere. Baina guk beti erraten dugu importanteena beti «kanta» dela, eta kantaren zerbitzuan ezartzen gira. Egin nahi genuenarentzat, argi genuen laukote izan behar ginela, eta beraz naturalki egin da, segituan ikusi dugulako kantek irabazten zutela horrela, formato honetan.
Iaz bizi izan zenuten esperientzia berezienetako bat ‘Ane’ filmaren gai nagusia egitea izan zen, gainera, Goya sarietarako izendatu zuten… Guri etorri zitzaigun AMANIA FILMS produkzioko jendea proiektua aipatzeko, baina ohartu ginen bilera batean David P. Sanudo zuzendariak berak proposatu zuela ideia, taldea gustatzen zitzaiolako. Bere labur metrai batzu bidali zituzten, eta segituan flipatu genuen zeukaten estetikarekin. Filmaren ideia eta trama azaldu zizkiguten eta hortik zenbait asteetara eszenarioa jaso genuen. Proeiktua oso librea zen, baina ohore bat bezala hartu dugu eta inplikatu gira asko. Lehenik maketa instrumentala ezberdinak proposatuz, elkarrekin aukeratu dezagun kanta aproposena, eta ondotik letra berezi bat idatziz, filmarekin konektatua… Amaitu genuen grabatzen Japoniara joan baino bi egun lehenago, eta ondotik, gogotsu ginen ikusteko nun eta nola erabiliko zen azkenean filman, montaketak opzio ezberdinak uzten zituelako. Emozio oso handi izan da lehen aldikotz entzutea, Donostiako Zinemaldian gainera, filmaren estrenaldian… Ederra benetan. Hemendik eskertzen ditugu David, Katixa eta lan talde guzia beste behin ere. Sergio Iglesiasaren textua.